XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. Pasabidea

Asko balio du indarrak,gehiago buru azkarrak

Historialari askoren ustez ohiturak eta, batez ere, hizkuntza urteetan zehar gorde baditugu, gure kokaguneari esker izan da.

Lur menditsu, oihantsu eta basatia omen zen gurea, beraz gaitza barnera sartzeko eta batere ez egokia bertan bizitzeko.

Horregatik, bazter egonik, atxiki genituen hizkuntza eta gainerakoak.

Baina hau ez da erabat egia; aski dugu behako bat ematea historiari, errez ohartzeko pasabide garrantzitsu batean geundela.

Betidanik Euskal Herria Europa bazter honetako pasaleku berezkoa izan da.

Historiaurrean, Bronze Aroan (orain dela 2.500 urte), zelta herria hemendik iragan zen; gaur egun toki izen zelta zenbait aurki dezakegu oraindik gure artean, Nerbion (B), Deba (G) eta Ultzama (N) ezagunenak izanik.

Beranduago erromatar inperioa, mundu ezagunean barnako bere zabalkundean, gure lurretara ere ailegatu zen, hatz eta ondare kultural zabala utziz bospasei mendetan.

Iparraldetik etorririk, suebo, bandalo eta alano herriek zelten bide bera hartu zuten, bizitoki gisa lur berriak menperatuz penintsulan.

Haien atzetik bisigodoek gauza bera egin zuten.

Germaniar herri hauek ez zuten eragin handirik izan guregan eta, erromatarrak ez bezala, etengabeko burrukan ibili ziren gure aurka.

Hain zuzen, bisigodoen azken erregea, Rodrigo, Iruñea (N) hartzekotan zebilen, musulmanak Afrikatik pasatuz oldartu zitzaizkionean.

Eraso ez ezik, menperatu ere egin zuten musulmanak Iruñeko ateetaraino heldu ziren.

Bistan denez, ez ginen inolaz ere bazter.

Pisi-pasa guzti hauen artean erromatarrena izan zen eraginik bereziena eta, honen arabera, bi eskualde bereiz ditzakegu: bata lautadena, Arabako eta Nafarroako behe herria hartzen duena, eta bestea gainerako guztia, orohar mendiena.

Lehenbizikoan eragina sakona eta aldakorra izan zen; bigarrenean, berriz, txikiagoa.

Ondorioz alde batetik gure kultura eta hizkuntza aberastu egin ziren zenbait ideia, tresna eta hitz berri onartuz; bestetik, aldiz, beste batzu galdu egin ziren.

Zoritxarrez, galdutako bat hizkuntza bera izan zen zenbait eskualdetan, batez ere Araban eta Nafarroako Erriberan.

Musulmanekin antzeko zerbait gertatu zen.

Hauek, Erribera aldean zenbait mendez kokaturik, Tutera (N) hiria kultur topagune bihurtu zuten, bere kaleetan musulman, euskaldun eta juduak nahasten bait ziren.

Ikusten dugunez, ez zen Euskal Herria urrun eta bazterturik izan; erabat alderantziz.

Kondairak urteetan zehar egoera desberdinei egokitzeko eta haietatik bizirik ateratzeko izan dugun gaitasuna erakusten digu.

Bikingoak

Europa osoan beldur handia sortarazi zuten herrien artean normandoak ditugu, bikingoak ere deituak.

Ikaragarrizko gudariak omen ziren eta itsasgizon paregabeak.

Beren drakkar -itsasontzi- arinei esker, oldarte gaitzak egin zituzten ikara zabalduz bazter guztietara.

IX. mendean gure lurretara ere ailegatu ziren, Baiona (L) konkistatuz 844 eta 892 urteetan, bai eta sortu berria zen Nafarroako erresuma oldartuz ere.

Azken honetan, Iruñean nafar errege zen Gartzia I. preso hartu zuten 858-859 urteetan.

Herriak garaiko 70.000 diru ordaindu zien normandoei erregea aske utz zezaten.